ESKOLA 2.0, ESKOLAN LAN EGITEKO MODU BERRIA
Hautatzearen arrazoiak:
Bideo hau hautatu nahi izan dugu, EAEko Hezkuntza Sisteman txertatu den azken berrikuntza erakusten duelako, hau da, Eskola 2.0 programa eskoletan aplikatzea, eta gainera, EITB-ko albistegietarako egindako erreportajea delako, hemen esandakoa askok modu ez oso kritikoan barneratuko dutelarik.
Iruzkina:
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abian jarri berri duen Eskola 2.0 programa, zeresan eta buruhauste asko ematen ari da azken ikasturteotan, Saltsa honetan, gainera, denetariko irakasle eta ikasleez gain, politikariak, adituak, gurasoak eta jendarte sistema bera ere nahastuta ageri zaizkigu. Saltsak, zapore gazi-gozoa du oraingoz.
Programa honek ikasgelara arbel digitala ekarri du, baita ikasle adina Notebook ere, denak sarean konektatuta, interneterako sarbidearekin, euskaraz eta software askea erabiliz. Inbertsio handia ere suposatu du EAEko biztanleentzat eta bideoak dioen bezala, orain etekina ateratzea irakasleei dagokie. Gure ustez, ez hauei bakarrik, baita saltsa honetan sartuta dauden guztiei ere. Ardura denona da.
Irakasle izango garenez, ordea, geure egungo egoera eta etorkizun hurbila aztertuko ditugu. Alde batetik, jada eskoletan urte dezente daramatzatenak daude, hezkuntza tradizionala jaso zutenak, urteak pasa diren heinean batzuk egungo garaietara egokitu direlarik eta besteak ez. Denak, ordea, teknologia berriekin asko trebatu gabeak eta gaiarekiko beldur eta distantzia handiarekin. Bestetik, badira erdi-parekoak deituko diegunak, esperientzia pixka bat dutenak, bai eskoletan baita ordenagailu eta teknologia berriekin ere. Eta azkenik, gu, etorkizuneko irakasleak, eskolan esperientzia gutxi, baina teknologia berriekin ohituak (ohitura onak edo txarrak, hori beste eztabaida bat da).
Beraz, benetan uste dugu teknologia berriak eskolan sartzea alferrik dela, gero beldurragatik, ezjakintasunagatik edo ohitura txarrak izateagatik irakasleak ez bagara hauei hezkuntzarako erabilera egokia emateko gai. Bideoko irakasleak halaxe zioen: “ irakasleok formakuntza jaso behar dugu, eguneratu beharra daukagu, teknologia hezkuntza sartu beharra daukagu”.
Egia da, irakasleok etengabe formatzen eta birziklatzen aritu behar dugu hezkuntza eta jendartea ez baitira inola ere estatikoak. Geuri dagokigu formatzea, baina gobernuek ere erraztasunak jarri behar dituzte horretarako: ikastaroak antolatu, jardunaldiak egin, eskolen eta profesionalen arteko hartu-emanak erraztu, bultzada ekonomikoak eman…
Izan ere, teknologia berriak eskoletan sartu beharra daude, ez jendartean oso presente daudelako, hezkuntzarako benetan erabilgarri direlako baizik. Irakasleok garbi izan behar dugu orain ez garela informatika aditu bilakatu behar eta ez ditugula informatikan adituak izango diren ikasleak sortu behar. Irakasleok, profesionalak izan behar dugu teknologia berriek hezkuntzari nola lagun diezaioketen aztertzen eta ikasgelan aplikatzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario