Bloga ikusi bitarterako musika!

miércoles, 10 de noviembre de 2010

3. EKARPENA

TEKNOLOGIA BERRIAK HEZKUNTZAN




Hautatzearen arrazoia:

Egun, ikastetxe eta hezkuntza arloan, teknologia berriak gero eta murgilduago daudela esatea, ez da ezer berria esatea. Guztiok dakigu gaur egun daukaten garrantzia, eta bideo honetan, hau azaltzen zaigu, besteak beste. 

Laburpena eta iruzkina: 
 
Bideo hau ikusterakoan, lehenik eta behin esaten diguna, zera da: teknologia berriak, zientzia ezberdinetan aurrerapenak gauzatzen laguntzen duten bitartekoak direla. Historian zehar etengabe aldatzen, birmoldatzen eta hobetzen joan diren bitartekariak dira, hain zuzen ere.

Urte batzutako eta baita gaur egungo erabilera eta aurrera pausoak ezagutzen baditugu ere, zailagoa da jakitea etorkizunean izango duten garrantzia. Hala eta guztiz ere, eta egungo egoeran oinarrituz, garrantzi handia izango duten bitartekariak izango direla esaten ausartuko ginateke.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologian murgilduta bagaude ere, errealitate hau ez dator bat hezkuntzarekin. Hezkuntzan lan handia egin beharra dago, oraindikan ere. Bitarteko hauek hezkuntza tresna gisa hartu behar dira, eta ez, aisialdirako tresna gisa, alegia.

Ikasleak, etorkizunerako gizarterako hezi behar ditugu. Teknologia berriak ematen dituzten abantailak kontuan hartzen baditugu, erantzunkizunak hartzen dituen ikaslea izango dugu gelan, parte hartze aktiboa daukan ikaslea, motibazio handiagoa duen ikaslea, ikasketa esanguratsua gauzatzen duen ikaslea… hitz batean esanda, bere kabuz lana aurrera ateratzen duen ikaslea izango dugu, eta ez orain arte bezala, dena egina ematen zitzaion ikasle pasiboa.

Hala eta guztiz ere, eta arestian aipatu dugun moduan, hau lortu ahal izateko, baliabide hauek modu eraginkorrean eta kontzienteki aplikatu behar dira.

4. EKARPENA

ESKOLA 2.0, ESKOLAN LAN EGITEKO MODU BERRIA






Hautatzearen arrazoiak:

Bideo hau hautatu nahi izan dugu, EAEko Hezkuntza Sisteman txertatu den azken berrikuntza erakusten duelako, hau da, Eskola 2.0 programa eskoletan aplikatzea, eta gainera, EITB-ko albistegietarako egindako erreportajea delako, hemen esandakoa askok modu ez oso kritikoan barneratuko dutelarik.

Iruzkina:

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abian jarri berri duen Eskola 2.0 programa, zeresan eta buruhauste asko ematen ari da azken ikasturteotan, Saltsa honetan, gainera, denetariko irakasle eta ikasleez gain, politikariak, adituak, gurasoak eta jendarte sistema bera ere nahastuta ageri zaizkigu. Saltsak, zapore gazi-gozoa du oraingoz.

Programa honek ikasgelara arbel digitala ekarri du, baita ikasle adina Notebook ere, denak sarean konektatuta, interneterako sarbidearekin, euskaraz eta software askea erabiliz. Inbertsio handia ere suposatu du EAEko biztanleentzat eta bideoak dioen bezala, orain etekina ateratzea irakasleei dagokie. Gure ustez, ez hauei bakarrik, baita saltsa honetan sartuta dauden guztiei ere. Ardura denona da.

Irakasle izango garenez, ordea, geure egungo egoera eta etorkizun hurbila aztertuko ditugu. Alde batetik, jada eskoletan urte dezente daramatzatenak daude, hezkuntza tradizionala jaso zutenak, urteak pasa diren heinean batzuk egungo garaietara egokitu direlarik eta besteak ez. Denak, ordea, teknologia berriekin asko trebatu gabeak eta gaiarekiko beldur eta distantzia handiarekin. Bestetik, badira erdi-parekoak deituko diegunak, esperientzia pixka bat dutenak, bai eskoletan baita ordenagailu eta teknologia berriekin ere. Eta azkenik, gu, etorkizuneko irakasleak, eskolan esperientzia gutxi, baina teknologia berriekin ohituak (ohitura onak edo txarrak, hori beste eztabaida bat da).

Beraz, benetan uste dugu teknologia berriak eskolan sartzea alferrik dela, gero beldurragatik, ezjakintasunagatik edo ohitura txarrak izateagatik irakasleak ez bagara hauei hezkuntzarako erabilera egokia emateko gai. Bideoko irakasleak halaxe zioen: “ irakasleok formakuntza jaso behar dugu, eguneratu beharra daukagu, teknologia hezkuntza sartu beharra daukagu”.

Egia da, irakasleok etengabe formatzen eta birziklatzen aritu behar dugu hezkuntza eta jendartea ez baitira inola ere estatikoak. Geuri dagokigu formatzea, baina gobernuek ere erraztasunak jarri behar dituzte horretarako: ikastaroak antolatu, jardunaldiak egin, eskolen eta profesionalen arteko hartu-emanak erraztu, bultzada ekonomikoak eman…

Izan ere, teknologia berriak eskoletan sartu beharra daude, ez jendartean oso presente daudelako, hezkuntzarako benetan erabilgarri direlako baizik. Irakasleok garbi izan behar dugu orain ez garela informatika aditu bilakatu behar eta ez ditugula informatikan adituak izango diren ikasleak sortu behar. Irakasleok, profesionalak izan behar dugu teknologia berriek hezkuntzari nola lagun diezaioketen aztertzen eta ikasgelan aplikatzen.

5. EKARPENA

IKTak LEHEN HEZKUNTZAN (Jakintza Ikastola)




Hautatzearen arrazoiak:

Jakintza ikastolakoen bideo hau interesgarria iruditu zaigu hiru arrazoi nagusirengatik; bata, Hezkuntza eta Teknologia Berrien gaiak zuzen-zuzenean lantzen dituelako; bigarrena, ikasleek Teknologia Berrien aritzeko duten trebetasuna eta ilusioa agerian geratzen delako; eta azkenik, komenigarria den hezkuntza eredua aplikatzen delako, ikasleak protagonista, irakaslea bideratzailea eta ikasleen beharretara egokitutako hezkuntza.

Iruzkina:

Bideoak bi adibide ematen dizkigu: alde batetik, Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleak (6 urte) GCompris eta Tuxpaint erabiltzen; eta bestetik, Lehen Hezkuntzako 6.mailako bi ikasle, ikaskideei Google Sites nola erabili azaltzen.

Lehen adibidean, 6 urteko haurrek bakoitzak bere eskolako ordenagailu eramangarriarekin nola lan egiten duten agertzen da. Ikasleek ordenagailuz hainbat marrazketa eta idazketa ariketa egiten dituzte, ariketa berdinak denek, baina bakoitzak bere modura eta bere erritmoan.

Horretaz gain, lan-giro ederra sortzen da: elkarri laguntzen diote, denak daude kontzentratuta, lanean gogoz eta ilusioz ari direla nabari zaie… Bukaeran, dena txukun-txukun jasotzen dute eta bateria kargatzen jartzeaz arduratu behar izaten dira.

Bigarren adibideari dagokionez, berriz, zer esan… Hitz bakarrean: etorkizuna. Hauxe da etorkizuneko hezkuntzaren eredu garbia. Ikasle batzuk gainerako ikaskideei beraiek beren kabuz (edota irakaslearen laguntzarekin) ikasi eta deskubritutakoa azaltzen. Formula magikoa da hau: azalpena ematen ari direnek sakondu egiten dute ikasitakoa eta komunikazioa lantzen dute, baita giza-harremanak ere; eta ikaskideek, berriz, bere maila berdinekoengandik berehala ikasten dute eta gogoz saiatzen dira hurrengoan beraiek izan daitezen azalpena emango dutenak.

Ikasleek, gainera, lan batek eskatzen duen prozesu osoa barneratzen dute: programa edo aplikazio bat aztertzen dute, bere baliagarritasuna ikusi, nola erabilpena landu “saltxeatuz”, azalpena emateko prestatzen dira, azalpenak egokitzen dituzte ikaskideek ulertu ezean, lagundu egiten diete zailtasunak dituztenei, harremanak lantzen dituzte, galderei eta arazoei erantzun behar diete…

Eta amaieran, egindako lanaren epe laburreko emaitza eta saria dator: ikaskide eta lagunen txalo zaparrada eta errekonozimendua.

Ziur gaude, hau baino sari hoberik nekez jasoko duela haur batek eta honek eragingo dion ilusioa eta berriro lanari ekiteko gogoa ez dagoela dirutan ordaintzerik. Beraz, bada garaia, pasa diezaiegun hitza ikasleei. Benetan eskertuko digute eta guk geuk ere, benetan eskertuko dugu.

miércoles, 3 de noviembre de 2010

6. EKARPENA

TEKNOLOGIA BERRIAK IKASTETXEETAN
(Iker Laskibarren artikulua Hik Hasi-n)



 Artikulua irakurri nahi izanez gero klikatu hemen

Aukeraketaren zergatia:

Artikulu honek irakasgai honetan landu diren ideiekin lotura handia dauka, askotan aipatu ditugun teknologia berrien alde onuragarriak zehaztu eta hauek, hezkuntzan duten garrantzia azpimarratzen dituelako.

Aldi berean, ondoko galdera honen inguruan aritzen da: Zergatik Teknologia Berriak ikastetxeetan?

Laburpena:

Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.

Hasiera batean, ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan, irakasleen ordez arituko zirela pentsatzera ere heldu zelarik.

Baina uste hau aldatu eta ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, Internet sortu zenean makina hauekiko ikuspegia berriro aldatu egin zen.

Egia da interneten agerpenak sekulako iraultza suposatu zuela teknologia berrien inguruan, honek ate asko ireki zituelako. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu.

Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu.

Are gehiago, ordenagailuek informazioaren ateak irekitzen dizkigute, nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegularik.


Ez dakigu nola aldatuko diren gauzak, ezta norantz aldatuko diren ere. Nolanahi ere ziur gaude mundu hau mugitzen ari dela eta nahitaez, Teknologia Berriak eta hezkuntza nonbait topatuko direla dirudi.

Iruzkina:

Artikulu hau 2002ko urtarrilean argitaratua da, eta urteak pasa arren, gaur egungo egoera oso antzekoa dela esan beharra dago. Askoz baliabide gehiago ditugu, baina ez dakizkigu ondo erabiltzen, edo saila egiten zaigu ez baitaukagu esperientzia gehiegirik. Bestetik, askok ez dute pentsatzen hezkuntza arloan, teknologia berriek abantaila eta aukera asko eskaintzen dizkigutenik. Eta egia bada ere, jende asko, oraindik, teknologia berrien aurka agertzen da.

Testu honen bidez lortu nahi den gauzetako bat pertsona hauen ustea aldatzea da. Horretarako, lehendabizi teknologia berrien inguruan izan diren usteak eta hauen erabilpenaren ondorioak aztertzea komeni litzateke, honelako artikuluak irakurriz.
Ezin dugu esan orain arteko hezkuntza sistema okerra izan denik, edo bide txarretik joan denik. Baina, orain eta batez ere teknologia berriek eskaintzen dituzten onurak eta aurrerakuntzek bidea zabaldu dutenez gero, beste hezkuntza sistema baten aurrean aurkitzen gara. Sistema iraultzailea eta orain arte pedagogia ulertzeko modua aldatu duena. Gaur egungo ikasleak, aktiboki parte hartu behar du ikaskuntza sisteman, bere autonomia askoz handiagoa da. Hitz gutxitan esanda, ez zaioa dena eginda ematen, askotan bila irten behar du.

Horretarako, sekulako iraultza suposatu zuen interneten sorrerak, askotako abantailak ekarri zituen, era anitzeko baliabideak garatuz. Adibidez; posta elektronikoaren erabilpenaren bidez testuak momentuan bidali eta irakurtzeko aukera, testuak formatu digitalean gordetzeko aukera, txat solasguneen bitartez beste ikaskideekin hitz egiteko a edo informazioa partekatzeko aukera, web orrien bidez edozein eratako informazioa eskuratzeko aukera... ikasketa interaktiboagoa sortuz.

Baliabide didaktiko hauei esker ikastetxeetan eten digitala saihestu, inklusio digitala bultzatu, ikaskuntza esanguratsua lortu eta etorkizuneko gizarterako hezi ditzakegu gure ikasleak. Aldi berean, teknologien bidez irakaskuntzaren helburu ugari lortu daitezke, ikasleen motibazioa handitzea eta hauen autonomia sustatzea, besteak beste.